Orkestra zer den:

2006an sortua, Deustu Fundazioaren Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren (Orkestra) helburua da herri administrazioaren, eragile sozio-ekonomikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate guztien jarduerari laguntza ematea, lehiakortasunari lotutako gaietan.

Orkestra ahalegin estrategiko desberdinak uztartzearen emaitza da, lankidetza koopetitiboaren lanabes bihurtua, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunaren eta oparotasunaren zerbitzura.

Orkestra Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte aldakor eta berritzaileak behar dituen lehiakortasuneko eta ongizateko benetako bideak identifikatzeko sortu zen, politika publikoen garapena eta enpresen agenda pribatuak bideratzeko eta bizkortzeko, funtsezko hiru funtzioren garapen sinergikoaren bidez: ikerketa, elkarreragina eta heziketa.

EAEko Lehiakortasunari buruzko urteko txostenak hemen aurki ditzakezue

Laburpena

EAEk orain dela urte batzuk bere ekonomia berregituratzearen aldeko apustua egin zuen, industriaren berregituratze prozesu sakonean. Orduan, sektore tradizionalak berregituratzeaz eta ekonomia irekiaren eskakizunetara egokitzeaz gainera, industriaren dibertsifikazioa bilatu zuen, jarduera industrial aurreratuetara eta garabidean zeudenetara irekiz. Eraldaketa hori industri eskarian eta orduko ekoizpen ingurunean oinarrituta egin zen, eta, horrekin batera, jakintzan intentsiboak diren enpresentzako zerbitzuen sektorea garatzeari garrantzi berezia eman zitzaion.

Ordudanik hainbat urte igaro dira, eta industriaren bultzada eta eraldaketa, termino erlatiboetan arrakastatsua izan bada ere, oraindik amaitu gabe dago. Txostenean Europako eskualdeen tipologia bat aurkeztu dugu eta ikusi dugu garapen aldi batetik bestera igarotzeko bideari begiratuta, euskal ekonomiak nondik joan beharko lukeen: gaur egun ?maila ekonomiko eta teknologiko ertaineko Europako erdialdeko eskualdeen? taldean egotetik (Frantziako Akitaniarekin, Italiako Trento eta Toskanarekin, Belgikako Waloniarekin eta Espainiako Kataluniarekin batera) ?gaitasun ekonomiko eta teknologiko handiko eskualdeen? taldera igaro beharko luke (besteak beste, Italiako Emilia- Romagnarekin, Alemaniako Behe Saxoniarekin eta Herbehereetako Linburgorekin batera), eskakizun eta bikaintasun handiagokoa, hain zuzen ere. Porterren terminologia erabiliz (Porter, 1998), euskal ekonomia inbertsioa oinarri duen eta efizientzia bilatzea lehenesten duen lehiakortasun alditik berrikuntzaren bidetik ekoizkortasuna hobetzea eta balio proposamen bakarra garatzea lehenesten duen aldira igarotzen ari da.

Eta, orain dela hogeita hamar urte bezala, gaur ere eraldaketak krisi sakon baten erdian egin behar dira. Zorionez, azken urteetan EAEko hazkundearen eredua ez da Espainiakoa bezainbeste oinarritu higiezinen sektorean eta kualifikazio txikiko etorkinen eskulana erabiltzean. Nolanahi ere, bi alderdi horiek kontuan hartuta, Espainiako ekonomiak eta EAEkoak aurrean dituzten erronkak berdinak ez badira ere, EAEko ekonomiaren erronkak dimentsio bikoitza du: alde batetik, bere eredua eraldatzearen erronka eta lehiakortasunaren garapenean goragoko aldietara igarotzea; eta, bestetik, Espainiako eta munduko ekonomiei eragiten dien krisi egoerari aurre egiteko erronka, gainerako ekonomiekin ezinbesteko lotura baitu.

Lehenengo dimentsioari dagokionez ekoizpen eredua eraldatzea, hainbat adierazlek uzten dute agerian orain arte jarraitutako hazkunde eredua agortzen hasia dela. Output ekonomikoetan lortutako emaitza onak ez datoz bat berrikuntzako adierazleetan lortutako emaitza erlatiboki apalekin (I+Gko gastua, patenteak, teknologia maila handiko sektoreetako esportazioak, etab.). Egoera horri lehiakortasunaren paradoxa deitu izan zaio. Hain zuzen ere, horixe aztertu dugu Txostenean eta agerian utzi digu berrikuntza estatistikekin neurtzeko adierazle egokietan sakondu beharra dagoela, beste erakundeekin batera.

Gaur egungo atzeraldiaren aurretik lortutako okupazio tasa handiek eta gure autonomia erkidegoko biztanleriaren zahartze nabarmenak adierazten digute etorkizunean erkidegoaren hazkundea ezin izango dela oinarritu ?jende gehiago lanean jartzean?. Bestalde, hainbat adierazlek berrikuntza maila handitu behar dugula adierazten digute: laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik aurrera ekoizkortasunaren hazkundea moteltzea, esportazioen osaera eta norakoa, euskal enpresek teknologian eskakizun zorrotzagoak dituzten merkatuetara izan duten sarbide mugatua, edo atzerriko inbertsioa eta kualifikazio handiko giza baliabideak erakartzeko gaitasun txikia, besteak beste.

EAEk orain arte lehiakortasunean eta berrikuntzan lortu duen arrakastaren, lehiakortasunerako euskal eredua deitutakoa, zati handi baten funtsa lehia eta lankidetza uztartzea izan dela esan daiteke eta, horrekin batera, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eta lotura estua.

Horren guztiaren adibide paradigmatikoetako bat Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin aurrera eraman diren klusterizatze prozesuetan aurkituko dugu. Baina arestian aipatu denez, goragoko lehiakortasun aldirako urratsak lankidetzako eta berrikuntzako beste modu batzuetan ere aurrera egitea eskatzen du.

Beharrezkoa da, klusterretako beste eragile batzuekin edo berrikuntzako eskualdeko sistemako eragileekin lankidetzan aritzeaz gainera, EAEko enpresek eta gainerako eragileek jakintza gehiago barneratzea eta nazioarteko sareetan sartzea, horrela local buzz hori global pipelinerekin aberastu eta indartuko da.

Bestalde, esperientzian oinarritutako berrikuntza eta ikaskuntza (?eginez?, ?erabiliz? eta ?elkarreraginean? ikastea, DUI deitutako eredua), euskal enpresen lehiakortasunaren zati handi baten oinarria, areagotu egin behar da, eta, horretarako, lana antolatzeko modu parte-hartzaileagoak eta ikaskuntza bultzatuko dutenak erabili behar dira.

Horretaz gainera, eta esperientzian oinarritutako ikaskuntza edo berrikuntza hori baztertu gabe (EAEko sektore eta enpresa egitura dela eta, oraindik ere gure ereduan nagusi eta ezaugarri izaten jarraituko duena), euskal ekonomiak zientzian eta teknologian oinarritutako berrikuntzako eta ikaskuntzako moduak ere indartu behar ditu. Izan ere, berrikuntzako eta ikaskuntzako modu horietan ahultasun nabarmenak ditu, ez Espainiako gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta, baina bai Europako iparraldeko eta erdialdeko eskualdeekin alderatuta. Bereziki, berrikuntza sistemaren efizientzia hobetu beharko du, eta output teknologikoek (adibidez, patenteak) input teknologikoekin (adibidez, I+G gastua) alderatuta erakusten duen ratio desegokia zuzendu.

Bigarren dimentsioak Euskal Autonomia Erkidegoak krisiaren aurrean dituen erronkak aipatzen zituen. EAEko ekonomiaren ekoizpen espezializazioaren eta Espainiako eta Europako merkatuarekiko duen mendekotasunaren eraginez, baita merkatu horietan uzkurtze handia jasan duten sektoreekiko duen mendekotasunaren eraginez ere (bereziki etxebizitzen eraikuntza eta automobilgintza), krisiaren eraginak nabaritzen ari gara, nahiz eta nolabaiteko atzerapenez iritsi. Faktore horien aurrean, ziur aski egiturazkoak izango direnak eta berehalako eraginak izango dituztenak, proposamena da EAEko ekoizpen egituraren indarguneetan oinarritzea eta berrikuntza sistemako elementuak indartzea, bereziki lankidetzako gaitasun nahiko garatua eta politika publikoak diseinatzerakoan eta ezartzerakoan eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetzako sistema nahiko efizientea. Horrek aukera eman beharko liguke etorkizunerako indarguneak edo lehiatzeko abantailak eraikitzeko.

Erronka horren aurrean, zorionez, eta beti orokorrean hartuta, euskal enpresak erlatiboki egoera hobean iritsi dira krisira: eraikuntzaren sektorean pisu txikiagoa izatea alde batera utzita, zorpetze mailak Espainiako eta Europako enpresenak baino txikiagoak dira, eta enpresa taldeen barruan daudenen ehunekoa handixeagoa. Horrek finantza sendotasun handiagoa ematen die krisian bizirik irauteko.

Era berean, eta lehendik aipatu dugun mugapena ahantzi gabe ?euskal enpresek sarrera txikia izan dutela teknologiaren ikuspegitik merkatu zorrotzenetan?, enpresen kopuru garrantzitsua jada hasia da kanpoko merkatuetan arrakastaz sartzen eta ekoizpena ere nazioartekotu dute. Hori lagungarri izango zaie bereziki Espainiako eta Europako merkatuetan gertatzen ari den geldialdiari hobeto aurre egiteko.

Lehen ere aipatu dugunez, berez euskal ekonomiak aurrean zituen egiturazko erronkei munduko ekonomiaren krisiak kanpoko faktore batzuk erantsi dizkio, eta erronka horiek berehalako erantzuna eskatzen dute. Lehiakortasunerako Euskal Institutuak zinez uste du krisi garai honetan ematen diren erantzunak ezin direla kontraesanean egon euskal ekonomiak aurrean dituen egiturazko desafioek eskatzen dituzten erantzunekin, edo kontraesanean egon gabe ere, ezin direla erantzunak eman egiturazko erronka horietan eragiteko aukerak aintzat hartu gabe. Krisiak pizgarri izan behar du eta jardutera behartzen gaitu. Horregatik, aukera bat izan daiteke, urrats sendoz berrikuntza optimizatzearen bidetik ekoizkortasuna irabaztean oinarritutako lehiakortasun aldira iristeko.

Aldi berri hori hurrengo bektoreen gainean eraikiko da:

  1. I+G nahikoaren eta efizientearen aldeko apustua egitea ?eta, horretaz gainera, industri politikaren alde instituzionalek eta berrikuntzako euskal sistema babestea?.
  2. Berrikuntzaren alorrean, ereduan gutxi garatu diren alderdiak garatzea, besteak beste, merkaturatzea, antolaketa, etab. Helburu honetan oso garrantzitsua izango da jakintzaren eragileen egitekoa.
  3. Euskal enpresen tamaina handitzea, inbertsioan intentsiboak diren proiektuei heldu ahal izateko.
  4. Ekintzailetza garatzea, bereziki oinarri teknologikokoa.
  5. Nazioartekotzera urrats sendoz hurbiltzea, hedatzen ari diren merkatuetan eta ekoizpen sektoreetan
    sartzeko helburuarekin.
  6. Atzerriko jakintza eta inbertsioak erakartzea.
  7. Beharrezko finantza baliabideak biltzea, eta, behar izango balitz, finantza tresna berriak garatzea, hurrengo egitekoetan laguntzeko: (i) euskal enpresen ekoizpenaren nazioartekotzea, batez ere teknologiaren aldetik zorrotzagoak diren herrialdeetara eta balio erantsi handiagoko sektoreetara; (ii) aurrekoaren ildo beretik, atzerrian ezartzeko proiektuen bideragarritasun azterketak egitea; (iii) gure autonomia erkidegoan inbertsioak ezartzea, nagusiki balio erantsikoak; eta (iv) oinarri teknologikoko ekimen ekintzaileak.
  8. Erakundetze egokia antolatzea, bai ekintza politikoari begiratuta eta bai lankidetzari begiratuta.

Erakundetzeari begira, lehiakortasuna bultzatzeko politika eragileen arteko lankidetzan, esate baterako klusterren sarearen barruan, eskuratutako lorpen garrantzitsuen gainean eraiki beharko litzateke. Nolanahi ere, garrantzitsua da kluster kontzeptua eguneratzea eta dinamizatzea, ezaugarri nagusitzat irekiera eta itunak egiteko borondatea izan ditzan eta lurraldeaz haraindiko proiektuak eta sektoreen artekoak gara daitezen. Kluster Elkarteak, era berean, lanabes arinak izan daitezke sektore ekonomikoen inguruko informazioa garaiz eskuratzeko, eta gobernu akordioak eta politikak diseinatzeko eta ezartzeko. Garrantzitsua da azpimarratzea ziurtasun eza nagusi den gaur egungo egoeran, jakintza eskuratzeko eta politiken diseinua eta ezarpena kudeatzeko garaian denborak garrantzi berezia hartzen duela. Ildo horretatik, Kluster Elkarteek, jakintza sortzeko eta bideratzeko beste erakunde batzuekin batera, egiteko garrantzitsua izan dezakete.

EAEko eragileen sareari, haien jakintzari eta gaitasunei erreparatuz gero, agerikoa da eskualdeak ikasteko eta berritzeko izugarrizko potentziala duela, beti ere lehiakortasuneko eragileek besteen esperientzietatik ikasteko behar diren mekanismoak aktibatzea lortzen bada. Ikaskuntzako eta berrikuntzako prozesu horiek lehiakortasunarekin zuzeneko lotura dute eta haien bideratzaile izan daitezkeen elementuak azken bi gomendioen inguruan bil ditzakegu, gakoak berrikuntzan oinarritutako lehiakortasun egoerara igaro nahi badugu. Lehenengo gomendioa da eragile desberdinen lana integratzea eta koordinatzea, estrategia partekatua definitzeko eta lortzeko. Hurrengo urteetan kritikoa izango da eragile desberdinek (herri administrazioak, enpresak, unibertsitatea, zentro teknologikoak, lankidetzako erakundeak, besteak beste) estrategia partekatu hori argiago ikustea, horixe izango baita elkarrekiko lana koordinatzeko oinarria. Bigarren gomendioa da lankidetzako era kunde ardaztuen presentzia bermatzea eta behar diren lanabes bideratzaileak sortzea. Dagoeneko adierazi dugu EAEk lankidetzako erakundeen multzo aberatsa duela. Erronka nagusia izango da erakunde horiek jakintza elkarrekin sortzeko prozesu efizienteak bultzatzeko gai izatea, zuzenean berrikuntzari begira.

Nolanahi ere, eta erronken dimentsioa hain apartekoa izanik, itxaropentsua da lurraldeko enpresaburuek azken hogeita hamar urteotan erakutsi duten irmotasuna. Izan ere, erresistentziarako gaitasun ikaragarria eta gizarte konpromisoa erakutsi dute ingurune ekonomiko eta politiko benetan zailetan.