Aldaketei aurre egiteko aldatu egin behar da

Dena aldakor, aldagai eta aldagarri den honetan ez da gero batere harrigarria soziologoak aldaketa soziologikoen berri ematea. Ez ohikoa da, ordea, soziologoak soziologiaren beraren funtzioa eztabaidatzea, gizartea gainditu eta subjektu pertsonalaren lehentasuna aldarrikatzea. Hauxe da, lerro bitan, Alain Touraine soziologo ospetsuak egiten duena La mirada social deitu azken saiakeran. Aro sozialetik aro moralerako pasabidea. Politika historiaurrea omen da; ekonomia, iragana; betor kultura.

Alain Touraine

Alain Tourainek berak adibide ulergarri gisa dioenez: aldaketa irudikatze aldera esan genezakeen joana dela Rousseauk eta Iraultza frantsesak ordezkatzen zuten mundua, baita Marxen eta industria-gizartearena ere, eta aurrez aurre dugula honez gero Freud-en mundua, masa-kultura, komunikazio eta ezagutza-gizartea.

Eskubide politikoen ondotik etorri omen ziren eskubide ekonomikoak eta orain, berriz, eskubide kulturalak, hau da edonork bere hizkuntza, erlijioa, elikadura, sexu-harremanak eta familia-antolamendua indarrean jartzeko duen eskubidea. Beti ere bestelako eremu zabalagoetan ere esku hartzeko gertu dagoen bitartean. Gehiengoak behar omen du gutxiengoaren eskubideak gogoan izan, baina baita gutxiengoak gehiengoarenak ere.

Alain Tourainek zorrotz kritikatzen ditu intelektual ofizialak (frantsesak gehien bat), auzitan jartzen du berak Discurso Interpretativo Dominante-tzat jotzen duen jokamoldea. Akabo hastapen sakonak, moral naturala, jainkoaren erreferentzia edo tradizioen aitzakia, pertsona pertsona denez gero berari dagokio-eta azken hitza, bera baita bere eskubideen jaun eta jabe. Ez gero gizartea. Eta, hasteko, eskolak ez dira haurrak gizarteratzeko, subjektua hezitzeko baino.

Touraineren ustez orain arteko orekarik ezak berregituratzeko ordua da: soinaren eta adimenaren arteko oreka, arrazoiaren eta sentimenduaren artekoa, publikoaren eta pribatuaren artekoa, gizakumearen eta emakumearen artekoa. Pentsamendu-aldaketa hau orain dela mende erdi hasi omen zen, nahiz eta oraindik hainbat konturatu edo konturatu nahi ez.

Tourainek ez du ulertzen nola arraio dena ikaragarrizko abiadan aldatzen ari den garai honetan, globalizazioa hitzetik hortzera aipatu, informazio-teknologia berriez inguratu eta finantza-harremanek mugarik ez duten honetan, hainbat jendek –intelektual tarteko— hitzegiten jarraitzen duen aldaketarik etorri behar izango ez balu bezala.

Hain zuzen, hauxe da Alain Touraineren liburuaren helburua: aldaketak aztertu baino gehiago, aldaketei aurre egiteko iritzi-aldaketa suspertu.

Sarrera hau ez dago Euskarara itzulita erabat. Hura guztiz irakurtzeko bere baliokidea bisita dezake gaztelaniaz.